Hasiera

Play Video

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak bat egingo du beste urte batez Ikertzaileen Europako Gauarekin, Europan ospatzen den zientzia dibulgaziorako ekitaldi handienetako batekin. Aurten irailaren 30ean egingo da.

Ekimen horren helburu nagusiak dira ikertzaileen figura herritarrei gerturatzea, beren zeregina eta gizarteari ekartzen dizkioten onurak ezagutarazteko, baita ikasleen artean ikasketa zientifikoen aldeko hautuak sustatzea ere, genero arrakalak deuseztatzeko.

Ekitaldia kontinenteko 370 hiritan baino gehiagotan egiten da eta Europako Batzordeak finantzatuko du, Europan ikasketa zientifikoak sustatzeko Marie Skłodowska-Curie Ekintzen bidez, Horizon Europa Europar Batasuneko Ikerketa eta Berrikuntza Esparru Programaren barnean.

UPV/EHUk Go for the Missions! (G9Missions) Europako proiektuaren testuinguruan antolatu du ekimen hau, Unibertsitateen 9. taldeak sustatua (G-9) *.

Go for the Missions! proiektua (G9Missions) ardaztuko da Europar Batasunak abiarazi dituen bost ikerketa eta berrikuntza misioetan, mundu osoko arazo sozial handietarako irtenbideak planteatzeko xedez. Misio horien gaiak dira minbizia; klima aldaketarako egokitzapena (gizarte eraldaketa barne); ur eta ozeanoak; hiri adimendunak eta klimatikoki neutroak eta lurzoruaren eta elikagaien osasuna. Horiek guztiek lagunduko betetzen Europako Itun Berdeko helburuak, Minbiziaren aurkako Borrokarako Europako Planekoak eta Garapen Jasangarriko Helburuak (GJH).

2022 urtean, bi misio landuko dira: Klima aldaketarako egokitzapena (gizarte eraldaketa barne) eta Hiri adimendunak eta klimatikoki neutroak. Gainerako misioak hurrengo edizioetan aztertuko dira.

Bi urteko iraupena izango duen G-9 ekimenak, bi gertakizun nabarmen izango ditu: ekainean, Ingurumenaren Mundu Egunarekin (ekainak 5) eta Ozeanoen Egunarekin (ekainak 8) bat eginez garatuko den ekitaldi bat eta ekitaldi nagusia, Europa osoan egingo dena 2022ko irailaren 30ean eta 2023ko irailaren 29an, ostiralez biak.

* G-9: bederatzi unibertsitatek osatutako taldea da (Kantabriako Unibertsitatea, Gaztela-Mantxako Unibertsitatea, Extremadurako Unibertsitatea, Balear Uharteetako Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Oviedoko Unibertsitatea, UPV/EHU eta Zaragozako Unibertsitatea, Errioxako Unibertsitatearen lankidetzarekin.